Txema Ezkerra Fernández dut izena eta, nahiz eta Bilbon jaio (1974), beti izan dut lotura zuzena Portugaleterekin. Txikitan, familiaren lana zela eta, Valentzian edo Cadizen bizi izan ginen, baina Portugaletera urtero bueltatzen ginen udako oporrak pasatzera; oso gogoan dut maletak egin eta Portugaletera joateko unea. Behin betiko Portugaletera itzuli ginen egun hura ez dut sekula ahaztuko.
Psikopedagogian lizentziatua naiz, Gizarte Hezkuntzan diplomatua, eta bi graduondo ditut (Giza baliabideen zuzendaritza eta Marketina). Beti egon naiz Portugaleteko elkarte-mugimenduarekin lotuta eta aisialdiko hezkuntzarekin konprometituta.
Portugaleteko Udalean EAJ-PNVren zinegotzi eta bozeramaile gisa, edo EDE Fundazioa eta Suspergintza Elkartea bezalako erakundeetako zuzendaritza-karguetan, haurren sustapenean, genero-indarkeriaren biktimentzako arretan eta gazte-politiketan funtsezko ekimenak gidatu ditut. Ongizatearekin eta herritarren segurtasunarekin dudan konpromisoa, alkateorde eta Surposako (Portugaleteko hirigintza-birgaitzea sustatzeaz arduratzen den erakundea da, batez ere, hirigune historikoa) presidente gisa egin dudan lanean ere islatu da, garapen ekonomikoa eta tokiko enplegua bultzatuz.
Elkarteetan esperientzia sendoa izanik, politikara modu naturalean iritsi nintzen, nire komunitatea hobetzeko nahiak bultzatuta. Harro nago EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrera aurkezten duen hautagaitzaren parte naizelako eta taldean lan egiteko eta irtenbide bateratuak aurkitzeko dudan gaitasunean konfiantza dut.
Politika sozialak edo garapen ekonomikoa bezalako gaietan ekarpenak egin nahiko nituzke, uste baitut biak funtsezkoak direla Euskadik aurrera egin dezan. Trantsizio energetikoa eta bizi-kalitatea erantzun sendoak behar dituzten erronka garrantzitsu bezala ikusten ditut.
Nire sentimendu abertzalea nire sustraietatik dator, etxean ikasitakoa eta bizitakoa, eta politikan dudan interesa aldaketa sozialarekin dudan konpromisoan oinarritzen da. Xabier Arzallus bezalako lider indartsuak miresten ditut eta, nire ingurura etorrita, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko alkate-andreak goraipatzen ditut; haiekin guztiekin lan eta gogoeta asko partekatzeko aukera izan dut, eta erronkei aurre egiteko duten era eta lidergoa kudeatzeko duten gaitasuna eredutzat ditut.
Argazkigintza da nire pasioa; bereziki, naturaren eta hirien edertasuna harrapatze dut gustoko. Babesleku baten premia dudanean, bakea aurkitu edo arnasa hartu behar dudanean, Anbotora ihes egiten dut. Hori bai, gehien pozten nauena da nire semeekin batera partekatzen ditudan uneak.
Euskadiren erronkei nire sentimendu abertzaletik eta gizarte-aldaketarekiko konpromisotik heldu nahi diet.