EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA GIPUZKOATIK

Olatz Peon

Tolosarra naiz eta 54 urte ditut, Gizarte Langintzan Diplomatua. Tolosako Udalean Zinegotzia izan naiz Gobernuan eta Oposizioan legealdi ezberdinetan. Aldiz, 2015etik 2023 bitarte Tolosako Alkatea izan naiz. 2023ko Foru Hauteskundeetan Oria barrutiko zerrenda burua izan nintzen. 20230ko uztailean batzarkide izateari utzi eta EAJren legebiltzar taldean aritu naiz Legebiltzarra desegin bitartean. Egun Gipuzku Buru Batzarreko kidea naiz.

Olatz Peon

Zerbitzu publikoak herritarron oinarrizko beharrizanak eta eskubideak bermatzen dituzte eta hauek modu justu eta eraginkorrean kudeatzea ezinbestekoa da. Zerbitzu publikoan aritzeak aukera ematen du norbanakoaren lana komunitateari begira jartzeko. Hori konplikatua bezain, eskuzabala eta aberasgarria da. Gure etxean ohikoak izan dira euskal politikaren inguruko solasaldiak, gure herriaren etorkizunaren inguruan aritzea. Herriarekiko konpromisoaren garrantzia etxean ikasi dut; amagandik aberriaren garrantzia, aitagandik umiltasuna, zuzentasuna eta elkartasuna.

Erreferente politiko asko izan ditut, EAJk lidergo politiko haundiko personak izan ditu herrigintzan eta naziogintzan. Gaur daukagun gizarte-ongizate maila aurrekoei zor diegu, ez hori bakarrik, giza balioetan oinarritutako bide orria egin izana, norbanakoen eskubideak, herri eskubideak bezain ozen aldarrikatuz. Uste dut maila berdinean erantzun behar diegula ondorengoei ere. Zalantzarik gabe Mirentxu Etxeberria, Tolosako Alkate izan zen lehen emakumea, erreferentetzat hartu dut beti.

Hautagaitzari ilusioz eta konpromisoz heltzen diot. Talde lanean aritzea atsegin dut eta orain arte ikasitakoa jarri nahi dut talde honen mesedetan. Nere herria ondo ezagutzen dut eta gertuko kudeaketatik ikasitakoa Legebiltzarrera eraman nahi nuke, ahaztu gabe tokikotik begirada haunditu eta dimensio zabalago batean aritzea erronka izango dela niretzat. 

Maila personalean irakurtzea eta kirola dut oso gustoko. Mendi gailurretan sentitzen naiz libre, baina ezbairik gabe bazkal ondoan etxekoekin egiten ditugun solasaldiak atsegin ditut gehien.

Norbanakoaren konpromisotik soilik bizi liteke herri etorkizuna.