Zallan jaio nintzen 1988an, eta nire ibilbide profesionala osasunaren, gizarte-zerbitzuen eta osasun-kudeaketaren esparruetan eman dut. Osakidetzan, 2011z geroztik, erizain gisa lan egin dut Lehen Mailako Arretan, baina prestakuntza eta osasun-arreta asko gustatzen zaizkit, eta, ondorioz, irakasle eta prestakuntza-kudeatzaile izan naiz larrialdietako osasun-arretan.
Familia abertzale batetik nator, eta familian egin nintzen EAJ-PNVko militante. Etxean ezagutu nuen Jose Antonio Agirre Lehendakariaren ondarea, nire erreferente politiko nagusietako bat, eta, ondoren, Izaskun Bilbao Barandicarena. Oso eskertuta egon behar dugu, ez bakarrik zalantzan jarri ezin den balioa duelako, baizik eta baita emakume politikari eta liderren ikusgarritasunaren alde egin duen ekarpen handiagatik ere.
Beti izan dut zerbitzu publikorako bokazioa; horretan eman dut nire bizitza profesionala eta baita pertsonala ere. Gurutze Gorrian boluntariotzan aritu izan naiz, Osakidetzan lanean hasi nintzen arte. Konpromiso soziala funtsezko baliotzat hartzen zen inguruan hazi ninduten eta, ondorioz, politikan laguntzea erabaki nuen, helburu berarekin: inguruan ditudan pertsonen eguneroko arazoak konpontzea. Horregatik, politikatik nire komunitatearen zerbitzura jartzeko aukera izan nuenean, ez nuen zalantzarik izan, eta oso pozik aritu izan naiz orain arte. Zallako EAJ-PNVren Uri Buru Batzarreko kide izan nahiz, eta Udaleko zinegotzi ere izan naiz, Osasun, Gizarte Zerbitzu edo Berdintasun arloak kudeatu baititut. Gaur egun, Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateko lehendakariordea naiz, eta gizarte-ekintzarekin, genero-indarkeriarekin, berdintasunarekin eta adikzioen arreta integralarekin lotutako ekimenak kudeatzen ditut. Zerbitzu publikoarekiko dudan grinak ingurukoen bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraitzera bultzatzen nau, nire ustez hori baita nire onena komunitateari eskaintzeko modurik onena. Zintzotasunez eta apaltasun osoz, euskal gizarteak aurrera egiten laguntzeko modu bat ikusten dut lan horretan.
Zaila da nork bere buruaz hitz egitea, baina uste dut ezaugarri ditudala trinkotasuna, sormena, konbentzitzeko gaitasuna eta lankidetzarako joera; ezaugarri horiei esker aurre egin ahal izan diet aurretik jarri zaizkidan erronka guztiei. Eusko Legebiltzarrera iritsiz gero, nire ustez gizartearen ongizaterako kritiko jotzen ditudan esparruetan lan egiten eta ekarpenak egiten jarraitu nahi nuke, hala nola osasunetik, genero-berdintasunetik edo indarkeria matxista desagerrarazteko arlotik. Hain zuzen ere, zerbitzu publikoak gero eta zaharragoa den euskal gizartearen beharretara egokitzen laguntzea gustatuko litzaidake.
Politikatik kanpo, sosegua eta babesa aurkitzen ditut liburuetan eta familiarekin ematen dudan denboran. Enkarterrira bueltatzen naiz beti, bertan baititut sustraiak, eta hango mendi eta paisaian aurkitzen dut behar dudan bakea. Hala ere, nire bizitzako alaitasun iturri handiena nire bi urteko semea da. Liluratu egiten naute bere begiradak eta bere irribarreak.
Pertsonen ongizatearen alde egitera bultzatzen nauen pasioak lanean jarraitzera narama, inguruan ditudan guztien bizi kalitatea hobetzeko.