Naroa Atxurra Lasfuentes naiz eta Muskizen jaio nintzen 1988an. Gaztetatik ikasi nuen besteekiko konpromisoaren garrantziaz, eta horrek markatu egin nau. Beti eroso sentitu izan naiz nire inguruarekin eta bertan bizi diren pertsonekin konprometitzen. Behar bada hori da militante sozial eta politiko bihurtzearen zergatia; hogei urte baino gehiago daramatzat aktibista izaten.
Bizitza ikusteko dudan era da: ni naizena guztion onerako baliagarria izatea. Horregatik, zerbitzu publikoan sinesten dut; gizartearen ongizatea lortzeko tresna gisa ikusten dut.
Barruko pultsu horrek nire bizitza akademikoa ere zuzendu du. Behin eskola urteak bukatuta, Psikologian graduatu nintzen, eta, ondoren, Esku-Hartze Sozialaren Psikologiako unibertsitate-masterra egin nuen. Politika eta Administrazio Zientzietako gradua ere ikasi nuen, eta hizkuntzei dagokienez, euskara, gaztelania eta ingelesa menperatzen ditut.
Pertsona arduratsua, zuhurra, leiala, konprometitua eta zorrotza naiz. Tentsio-uneetan eta erabakiak hartzerakoan balio izan didaten ezaugarriak. Kongresuan Euskal Taldearen laguntzaile tekniko gisa lan egin nuen bitartean, beste alderdi politiko batzuetako ordezkariei aktiboki entzuten jakitearen garrantzia ikasi nuen; eta denborak maneiatzearen garrantziaz eta egiten duguna zergatik egiten dugun etengabe argi edukitzearen garrantziaz ere. Enpresa pribatuan gaur egun ditudan eginkizunak betetzeko beharrezkoa den zeharkakotasuna dela eta, beste trebetasun batzuk praktikan jarri ahal izan ditut, hala nola taldeen koordinazioa, interes desberdinen kudeaketa eta lerrokatzea, helburuen jarraipena eta proiektuen araberako lana, epeekin eta aurrekontuekin. Alde horretatik, pertsonen artean ez ezik, beste erakunde batzuekiko harremana ere beharrezkoa iruditzen zait, bai pribatuekiko bai kudeaketa publikokoekiko.
Ez dut gogoan politika hor egon ez den momenturik; politikan militatzen hazi naiz. Nire erreferente politikoen artean nire amama Bego dago, Abanto eta Zierbenako lehen zinegotzia (1979), atzetik gatozenoi bidea ireki ziguten bere herriarekin konprometitutako emakumeen belaunaldi hartako beste bat; bere izaera, eta bere militantzia sozial eta politikoa erreferente dira gaur egun ere niretzat. Haurtzaroan eta nerabezaroan zorionekoa izan nintzen kargu publikoa izatearen ardura eta harrotasuna bertatik bertara ezagutu eta bizitzeko, Gualber Atxurra, Muskizko zinegotzi eta alkate izandakoa, nire aita baita.
Bidaiatzeaz, margotzeaz eta musika entzuteaz gozatzen dut… Horiek guztiek bizitzako narkotiko kaltegarrienetako batetik babesten naute: errutinatik. Beti itzultzen naiz La Arenako hondartzara, nire bizitzako une zoriontsuen lekuko, eta nire seme Luken eta Maren barrez eta elkarrekin jolasten ikustea da irribarre gehien eragiten didana.
Zerbitzu publikoa gizartearen ongizatea lortzeko tresna gisa ikusten dut.