Mikel Magunazelaia Pinaga naiz eta 1996an jaio nintzen Foruan; oso udalerri txikia da, 900 biztanle baino ez ditu, baina gure nortasun propioa eta historia propioa ditugu. Oso gaztetatik, nire familiak erakutsi dit herri honen nortasuna maitatzen eta errespetatzen, baita lanaren, konpromisoaren eta elkartasunaren balioa ere.
Horregatik, duela urte batzuk, EAJ-PNVn aurkitu nuen gure ondarea zaintzeko eta gaurkotzeko, eta komunitate gisa aurrera egiten jarraitzeko modurik egokiena. Horrela, 16 urte nituela, alderdikidetu egin nintzen eta, harrezkero, nire onena eskaintzen saiatu naiz nire udalerriaren eta Euskadiren onurarako.
Nire bigarren legealdia da nire jaioterriko alkate gisa eta, lehenago ere, Obra eta Zerbitzuen arloa kudeatu nuen. Gaur egun alkatetza uztartzen dut nire lanbidearekin. Gernika-Lumoko Mertzede Ikastetxeko irakaslea naiz. Biziki maite dut irakastea eta ikastea! Irakaskuntza, nire ikuspegitik, norabide biko arloa da, irakasten dudan neurri berean ikasten dudalako. Behar bada, hortik ere datorkit historiarekiko pasioa; historia hurbila, nire herriarena, Euskadirena. Luzaro aritu izan naiz Foruako memoria berreskuratzen, neure aldetik eta Gernikazarra Historia Taldearen eskutik. Idatzi ditudan artikulu batzuk argitaratu dira Aldaba aldizkarian eta Deia egunkarian ‘Historia de los vascos’ atalean.
Orain, nire alderdiaren konfiantzarekin, Eusko Legebiltzarrerako hautagaia naiz. Aukera honi arduraz eta gogo biziz aurre egiten diot, alkate, maisu eta historiaren maitale gisa dudan esperientziatik abiatuta ekarpenak egiteko asmo sendoarekin. Benetan uste dut ekarpena egin dezakedala udalerri txikiek eta Busturialdea moduko eskualdeek izan ohi dituzten arazoak ezagutzen ditudalako eta, jakina, gazte baten ikuspegitik euskal gizarteari hurrengo urteotan planteatuko zaizkion arazoei eta erronkei aurre egitera begira.
Alkatetzak, lanak eta historiak, neure pasioak, ez didate denbora libre askorik uzten. Baina, daukadan apurra dedikatzen diet neure beste bi zaletasunei: mendira igotzeari eta irakurtzeari. Jarduera horiek energia kargatzen eta orekari eusten laguntzen didate.
Hezkuntza eta konpromisoa dira euskal gizarteak aurrera egiteko funtsezko zutabeak.