Mikel Juaristi Izagirre naiz, 42 urteko azkoitiarra, nahiz eta orain dela urteak Atxurin bizi naizen. Pedagogian eta Lehen Hezkuntzako Irakaskuntzan lizentziatua, Gizarte eta hezkuntza ikerketan masterra ere badut, eta gaur egun Gurutzetako Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeko zuzendaria naiz.
Legebiltzarrean egon ahal izateko EAJk egindako eskaintza erronka pertsonal gisa hartu dut, ilusioz, indarrez eta nire onena emateko gogoz. Zentzu horretan, eta nire bizitza profesionaleko zati nabarmenena hezkuntza arloan eman dudala kontuan hartuta eta, beraz, euskal sistema barrutik ondo ezagutzen dudala -batik bat publikoa- eta azken sei urteak eskola bat kudeatzen eskarmentua ere badudala, gure Taldean ekarpenik nabarmenena hezkuntzan egin nezake. Nire iritziz, hezkuntza eskubidea unibertsala da, eta gurasoen eskolatze hautua ere errespetatu behar da. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa oso kontzeptu berritzailea eta positiboa da, eta datozen urteetako erronka nagusietako bat, eta ez da edonolakoa, berau arautuko duen Legeak ebazpen eta arauen bitartez lur hartzea izango da.
Ez da, ordea, heldu beharko zaion erronka bakarra. Imanol Pradalesek gure lehendakarigaiak argi adierazten duen moduan, ongizate eredu berri bat eskaini beharrean gaude, eredua ez ezik, ongizate kontzeptua bera ere eraldatzen baitoa. Egun, Euskadin ongizate maila oso altua dugu, eta jendea horren kontziente izatea lortu behar dugu; eta hortik abiatuta, herritarrengandik gertuagoko zerbitzua ematen duen ongizate politika egin beharra daukagu, herritarrek ulertu eta baloratuko dutena.
Hainbat esparrutan aritu izan naiz boluntario gisa eta herrigintzan inplikatu izan naiz; zerbitzu publikoa herria hobetzeko eta injustiziekin amaitzeko grinetik ulertzen dut. Beti izan dut arlo soziala nahiko garatua eta horregatik sartu izan naiz edozein ekintzetan egoera hobetzeko nahiak bultzatuta. Etxean betidanik irakatsi didate zerbait aldatu nahi duenak zerbait egin behar duela, eta horretan eredugarriak izan dira, gainera: Azkoitiko Ikastolaren sorkuntzan, mendi taldean, tanborradaren antolakuntzan, Caritasen edota Batzokian aritu izan dira lanean. Abertzaletasuna ere etxean jaso nuen txikitatik, bai gurasoak eta bai lau attite-amamak abertzaleak izan ditudalako; baina, batik bat, amama Begoñak transmititu zizkidan pertsona ona eta abertzale izatearen balioak.
Nire zaletasunik handiena bidaiatzea da, beti harritzen nauelako zerbaitek eta hango bizipenak betirako gelditzen direlako, Euskal Herriko bazterrak ezagutzea eta gozatzea ere atsegin dut. Aipatu ditzakedan hainbeste eta hainbeste txokoren artean Lekeitio eta Mendexako Karraspio hondartza aukeratuko nituzke, itsas-ertzeko jendearen bizimoduak eta ohiturak ezagutzeko eta egunerokotik deskonektatzeko leku aproposak direlako, eta jakina, hango euskara eta Euskal Herriko eskualde ezberdinetako euskaldunon berbakerak, ehunka urteko altxor ikaragarriak. Horretaz gain, Batzokiko sukaldean generazio ezberdineko lagunak elkartu eta kontu kontari aritzea ere gustuko dut, baina are gehiago gure lau urteko alabarekin izaten ditugun elkarrizketak eta jolas uneak.
Ongizate maila altua dugu; eta hortik abiatuta, herritarrengandik hurbilago dagoen ongizate politika egin behar dugu, ulertu eta baloratuko dutena.