Zumaiarra, Zuzenbidean lizentziatua, Zumaiako zinegotzi eta alkate izana, 2009tik 2015era legebiltzarkide eta Gipuzko Buru Batzarreko kide. 2015etik geroztik Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren bozeramailea naiz. Ondoren, 2016an, Euzkadi Buru Batzarreko kide aukeratu ninduten. Eta 2020tik, berriz ere, legebiltzarkide.
Herrigintza zentzu zabalean ulertzen det: Euskadiren naziotasunaren alde jardutea, euskararen aldeko konpromisoa eta gure herritar guztien onerako izango diren politikak eta neurriak aurrera eramatea. Guzti horrek osatzen du gure ikuspegi politiko abertzalea.
Etxekoetatik haratago –gurean, abertzaletasuna era naturalean transmititu ziguten-, kuadrilan ere lagun abertzaleak izan ditut beti. Eta hortik aurrera, zalantzarik gabe, oso oso gaztetatik, Xabier Arzalluz izan zen –eta da- nire erreferente abertzale nagusia. Hamabost bat urte genuela haren mitinak entzutera joaten ginen behin baino gehiagotan lagun taldean.
Herrigintzaren gazi-gozoak ezagutu ditut –urtetako eskarmentuak horixe du- eta beti saiatu izan naiz konpromiso politikoa zintzotasunez adierazten, Euzko Alderdi Jeltzalea dela Euskadirentzat dagoen aukera politiko egokiena dela sinetsita. Izan ere, hala da. Guretzat, Euskadiren askatasun bidea eta herritar guztien bizi-baldintzak hobetzeko erronka txanpon bereko bi alde banandu ezinak direlako.
Zaletasunak? etxean nagoenean irakurtzea gustatzen zait. Eta etxetik kanpo, bazterrak ezagutzea horretarako aukera daukadanean. Ikaragarri gustuko dut, bereziki, basoan eta mendian ibiltzea. Natura atsegin dut, paisaia ederrak maite ditut, txorien kantuak bizipoza ematen dit, perretxikotan ibiltzea oso atsegina egiten zait. Eta, baita, jakina, lagun onak alboan, mahai baten inguruan biltzea.
Zerk eragiten dit benetako irrifarrea? Adin handiko bikote bat eskutik helduta ikusteak. Eta, kontrakoan, lehia politiko alderdikoiaren joko maltzurrek gehiegitan eragiten didate irrifarre oker xamarra.
Beti saiatu izan naiz konpromiso politikoa zintzotasunez adierazten, Euzko Alderdi Jeltzalea dela Euskadirentzat dagoen aukera politiko egokiena dela sinetsita.