EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA BIZKAITIK

Maitane Ipiñazar

Maitane Ipiñazar Miranda naiz, 33 urteko arratiarra. 5 urte daramatzat EAJ-PNVko legebiltzarkide bezala Eusko Legebiltzarrean. Lan Harreman eta Giza Baliabideetan graduatua naiz, eta nire ikasketekin lotutako eginkizunak bete nituen enpresa pribatuetan sei urtez, zerbitzu publikoan bete-betean aritu aurretik. Gaur egun EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko burukidea ere banaiz.

Maitane Ipiñazar

Jaio nintzen egun beretik familiak gure herria eta hizkuntza maitatzen irakatsi dit. Nire familia osoa abertzalea eta gure herriaren, Euzkadiren, maitalea da. Haiek irakatsi zidaten gazte-gaztetatik, gure lurrarekiko, gure jatorriarekiko, gure arbasoen borroka eta indarrarekiko sentitzen dudan eta sentituko dudan grina, Euzkadi askea eraikitzera begira. Gainera, nire senideak izan ziren gizartearen onerako lan egiten denean sentitzen den poztasuna erakutsi zidatenak.

Nire ibilbide politikoa EGIn hasi zen, Lurralde Kontseiluko kide gisa, eta Igorreko zinegotzia ere izan nintzen. Legebiltzarrean, nire lana gizarte gaiekin edo giza eskubideen babes eta defentsarekin lotuta egon da orain arte, eta gogotsu nago gizarte aske eta berdintsuago bat defendatzen jarraitzeko. Gizarte gaiez gain, lan eta enplegu gaiak ere gustatzen zaizkit, nire unibertsitate ikasketekin lotuta baitaude.

Dena ez dago politikarekin lotuta nire bizitzan. Maite dut nire hurbilekoekin egotea, asko gustuko ditut irakurketa eta zeramika, bake eta lasaitasun uneak eskaintzen dizkidatelako, eta arratiar petoa naizenez, Gorbeiako gurutzera igotzea plan berezia da beti, bertatik ikusten baita zer izan den nire bizitza eta zerk eraman nauen naizen bezalakoa izatera.

Eusko Legebiltzarrerako hautagaitza berri honi indar eta positibismo handiz egiten diot aurre. Talde berritu bat dugu, gazteak eta esperientzia uztartzen dituena erronka garrantzitsuei aurre egiteko: osasuna, enplegua, etxebizitza, klima-aldaketa edo gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna.

Herritarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko lan egingo dut, begirada gazte eta feminista batekin, eta gizarte libre eta berdintsuago baten alde.