EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA BIZKAITIK

Josune Escota

Josune Escota Bisbal naiz eta Durangon jaio nintzen 1970ean uste abertzale sendoak dituen familia abertzale batean. Aitite gudaria izan zen Arana Goiri batailoian eta harrotasunez gordetzen dugu oraindik frontetik bidalitako ikurrina. Euskaldun gisa, biziki maite dut nire Herria eta bere kultura, beti ere aurrerabidea eta elkarbizitzara begira.

Josune Escota

Zuzenbidean lizentziatu nintzen eta masterrak egin ditut Lankidetza eta Ekonomia Sozialean eta Gatazken Kudeaketa Integralean eta Elkarbizitzaren Sustapenean. Nire bokazioa da pertsonei laguntzea eta zuzenbidea da helburu hori betetzeko erabiltzen dudan tresna. 25 urte baino gehiago eman ditut lanbidean eta nire lana pertsonen eskubideak defendatzea eta gatazkak kudeatzea izan da, besteak beste, familian, genero-indarkerian edo enpresan. Durangoko Merindadearen Mankomunitateko Emakumearentzako Orientazio Juridikoko Zerbitzuko letradua izan nintzen urte askotan ere. Justiziarekin eta berdintasunarekin dudan konpromisoak mugiarazita, modu altruistan bihurtu nintzen udal administrazioaren aurkako kaltetuen kolektibo baten ordezkari, bidegabeak ziren arau batzuk aldatzea lortuz.

Politikan kasualitatez sartu nintzen, herritarren eskubideen defentsan izandako esperientziak eraginda. 2019ko udal-hauteskundeetan, Durangoko Udaleko zinegotzi eta eskualdeko Mankomunitateko Antolaketa batzordeko lehendakari hautatu ninduten, EAJ-PNV ordezkatuz. 2023ko uztailetik Gasteizko Ganberako legebiltzarkidea naiz, eta ilusio handiz ekingo diot legegintzaldi berri honi, Imanol Pradales gure lehendakarigaiaren eskutik.

Irmoki sinesten dut herritarren bizitza hobetzeko politikak duen botere eraldatzailean, ongizate kolektiboa sustatzen duten legeen eta araudien bidez. Ibilbide eta konpromiso horrekin, nire komunitatea zerbitzatzen eta Euskal Herriaren garapen eta ongizatean laguntzen jarraitu nahi dut, esparru politikotik. 

Ilusio handia sortzen dit EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarrerako hautagai izateak. Nire helburua da esparru politiko batetik gure gizartearen aurrerapenean aktiboki laguntzen jarraitzea, esperientzia profesionala politikan aktibo baliotsua izan daitekeela erakutsiz. Nire energia, lanerako gaitasuna eta herritarrenganako enpatia oinarri ditut erronka berri honi aurre egiteko.

Ezkonduta nago eta 24 urteko alaba baten eta 21 urteko seme baten ama naiz. Maite dut eskiatzea nire hiru zaletasunak bateratzen dituelako: ariketa fisikoa, mendizaletasuna eta familia. Etxeko denok praktikatzen dugu eta oso momentu onak eskaini dizkigu. Irakurtzea ere asko gustatzen zait eta liburu batek ‘harrapatzen’ nauenean ez zait erraz gertatzen irakurtzeari uztea.

Justiziarekin, berdintasunarekin eta ongizate kolektiboarekin konprometituta, euskal herritarren bizitza hobetzeko aldaketa esanguratsuen bila etengabe.