EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA BIZKAITIK

Imanol Pradales

Imanol Pradales Gil naiz eta Mamarigan jaio nintzen, Santurtziko auzo batean, duela 48 urte. Etxean apaltasun osoz bizi izan gara beti, familia normal batean hazi ninduten. Aitak eta amak ez dute euskaraz hitz egiten, baina beren helburu nagusia izan da beti lau semeok euskaldunak izan gintezen. Egin diguten oparirik handienetakoa da hori.

Imanol Pradales

Amak ileapaintzaile izateko ikasi zuen eta lan horretan aritu izan da urteetan. Aitak Industriako Maisutza ikasi zuen eta beste lagun birekin tailer txiki bat montatu zuen. Gure bizimodua, Ezkerraldeko hainbat familiarena eta garai hartako hainbat euskal familiarena, krisi industrialak baldintzatu zuen. Urte haiek gogorrak izan ziren. Aitak negozioa galdu zuen eta garai latzak etorri ziren. Gurean eta beste hainbaten etxean langabezia eta ziurgabetasuna ziren nagusi. Haurtzaro zoriontsua izan nuen, hori bai, baina oroimen batzuk ez zaizkit sekula burutik joango. Inorentzat ez nuke halakorik nahi. 

Baina, aurrera egitea lortu genuen. Lan handia eginez, esfortzu, sakrifizio eta ilusio handiarekin. Ez genuen gehiegi, baina funtsezkoa bai, eta amak gure artean landu zuen elkartasuna da beraiengandik jaso dudan altxorrik handiena. Amak eta aitak irakatsi zidaten sakrifizioaren balioa, lanaren eta esfortzuaren bidetik aurrera egiten. Ausardia, erantzukizuna eta zintzotasuna. Eta, jakina, gure Herriarekiko maitasuna eta konpromisoari eustea. Horrek denak naturaltasun osoz eraman ninduen erantzukizun politikoak onartzera. 

Baina etapa horretara iritsi aurretik, Asti-Leku Ikastolan bizi izandakoak ekarri nahi ditut gogora, oso eragin esanguratsua izan baitute nigan. Han ezagutu nituen nire gaurko hainbat lagun. Ikastolan izan nituen lehen esperientziak eta baita lehen nahigabeak ere. Eta, honezkero jakingo duzuenez, han ere ezagutu nuen urte batzuk geroago erreferente politiko bihurtuko zena: Iñigo Urkullu lehendakaria. Haren adibideak bultzatu ninduen zerbitzu publikorako jauzia ematera. Jauzi horretan funtsezko erreferente izan ditut Agirre lehendakaria, nire inspiratzaile nagusia, Xabier Arzalluz, niretzat hizlaririk onena eta, jakina, Jose Luis Bilbao, politikari petoa eta pertsona bikaina, lagun ona izateaz gain.

UBIko etapa amaitu ondoren, Deustuko Unibertsitatean matrikulatu nintzen Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasketak egiteko. Jaso nituen bekei esker eta aitaitaren eskuzabaltasunari esker egin ahal izan nuen, Gerra Zibileko alderdi galtzailetik bizirik ateratzeagatik zegokion kalte-ordainaren zati bat eman zidalako. Badakit aukera paregabea izan nuela eta ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatu nintzen. Hura zen egin nezakeen gutxienekoa.

Karrera amaituta, Unibertsitateak 20 orduko kontratua eskaini zidan. Hori bai, bi baldintza oso zehatzen truke: doktorego-tesia amaitzea eta, goizeko eskolak eman ondoren, arratsaldeetan Unibertsitateak Gipuzkoako industria-sare osoan zehar abian jarritako bi karrera berriak ezagutaraztea. Gauzak egiteko modu desberdin bat ezagutzeko aukera paregabea izan zen. Espezializazioa, berrikuntza, lanaren eta ahaleginaren kultura, eta onenak izateko anbizioa. Horiek ziren eta dira oraindik ere Gipuzkoako industriaren errezeta arrakastatsuak.

Lan-esperientzia horren ondoren, 2007an, Unibertsitatean eszedentzia eskatu nuen ‘Bizkaia Talent’ izenekoa martxan jartzeko; gaur egun, zalantzarik gabe, gizarte gisa aurre egin behar diogun erronka handienetako bat den talentuari heltzeko markan jarritako lehen ekimenetako bat da. Lan horrekin batera, EAJ-PNVk azken 15 urteetan egin dituen bi prozesu estrategiko handitan lagundu nuen: ‘Think Gaur’ eta ‘Entzunez Eraiki’. Oso prozesu aberasgarriak, esperientzia hartzeko eta herritarren kezkak beste ikuspegi batetik ezagutzeko balio izan zidatenak.

‘Bizkaia Talent’-en lau urte eman ondoren, Jose Luis Bilbaok Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatu izateko deitu ninduen; 2015ean izan zen. Pertsona gisa izan dudan ohore handienetako bat. Foru erakundean jarraitu nuen Unai Rementeria eta Elixabete Etxanoberekin, Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko arduradun gisa.

Oraingo honetan erronka berri bat onartu dut eta ilusio handiz helduko diot. Beti ezaugarri dudan inkonformismotik abiatuta. Euskal gizartearekin konpartitzen dudan inkonformismoa, beti gure herriarentzat onena izan nahi dugulako. Euskadirekiko dudan konpromisoa irmoa da, erabatekoa.

Azkenerako utzi dut garrantzitsuena. Nire bizitzako sostengurik handiena, nire aterpe eta babesa: nire familia. Laura eta Uxue dira, zalantzarik gabe, inoiz gertatu zaidan gauzarik onena. Haiek egiten dute bizitza hau bide politagoa izatea, eta nire mundu txikia, leku hobea.

Euskadirekiko eta euskal gizartearekiko dudan konpromisoa irmoa da, erabatekoa.