Hogeita hamalau urteko errenteriarra naiz. Biologian lizentziatu nintzen Nafarroako Unibertsitatean, eta osasungintzan eta esperimentazioan espezializatu nintzen. Irakasle gisa aritzeko masterra ere egin nuen Mondragon Unibertsitatean eta lanbide heziketan irakasle bezala aritu naiz lanean. Goi mailako kirolarekin erlazionatutako bi graduondo ere egin ditut. 2023tik Eusko Alderdi Jeltzalearen bozeramailea naiz Errenteriako udalean.
Politikaren alderdirik politena eta erakargarriena, herritarren ongizatea bermatzeko lan egitea dela pentsatzen dut. Beraien bizi kalitatea hobetu dezaketen proiektuak garatzea eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak bideratzea da politikak duen erakargarritasuna handiena niretzat. Horregatik, Legebiltzarrerako hautagaitzari ilusioz eta arduraz ekiten diot. Nire ibilbide profesionalagatik, hezkuntza mundua da gehien ezagutzen dudana, baina ikerketa biomedikoa ere gustuko dudan arloa dut, nire formakuntzagatik hain zuzen ere, eta udal jarduerari erreparatzen badiot berdintasun eta euskara gaietan ere gustura aritzen naiz. Legebiltzarra, gai ezberdinen inguruan janzteko aukera ere badela pentsatzen dut. Datozen urteetan, Euskadik erronka handiei egin beharko die aurre, baina gazteek bere bizi proiektua garatu ahal izateko aukerak sortzea garrantzitsua da, ibilbide profesionala eta pertsonala garatu ahal izateko, beraiek direlako gure aberriaren etorkizuna eta beraiekin garatu behar dugulako herri honen proiektu nazionala.
Familia abertzale batean jaio nintzen, eta etxean beti izan dugu politikarekiko interesa. Familian, abertzaletasuna, gure herria maitatzea, gure kultura ezagutzea, modu naturalean transmititu zaizkidan balioak izan dira. Familia eta lagunekin egiten ditudan planak dira, momenturik politenak. Eta deskonektatzeko beharra dudanean, igeri egitera joaten naiz. Urteak eman ditut igeriketan, eta kirola egiteaz gain, egunerokoan hain erabilgarri zaizkidan balioak barneratzeko balio izan dit; pertseberantzia, talde lana, esfortzua, besteak beste.
Euskadik duen ondasun nagusiena pertsonak dira; horregatik, are garrantzitsuagoa da gazteentzako aukerak sortzea. Beraiek bai dira gure herriaren etorkizuneko bermea, eta alderdia aukera horiek sortzeko alderdirik eraginkorrena.