Politika herria eta herrikideen bizi-kalitatea hobetzeko jardun moduan ulertzen dut, kontzientzia sozialetik eta bakoitzak ahal duen neurri eta esparruan, maite dugunaren aldeko esfortzua eta inplikazioa eskainiz. Sentimendu horretan, amama eta aitite izan dira nire erreferenteak; sentimendu abertzalea ere familiagandik jaso dut, gure baloretariko bat izan delako. Orain, Eusko Legebiltzarreko ordezkari izateko aukera erantzukizun handiz, gogoz eta ilusioz hartu dut. Bertan, batez ere kultur eta hizkuntzaren arloan jardutea gustatuko litzaidake, nire prestakuntza, esperientzia eta, jakina, pasioa horietan egon direlako beti. Lehen sektorearekin lotutako gaiak ere betidanik gustatu izan zaizkit, hala ere, edozein arlori lotutako gaietatik ikasi eta hauetan jarduteko gogo eta borondate osoa dut.
Erronka handiak ditugu aurretik legegintzaldi honetan; demografikoa da horietako bat, gero eta jaiotza tasa baxuagoa duen gizarte zaharkituagoa dugulako eta horrek hainbeste eragin dakartza. Zaintza arloa hobetu behar dugu; osasun zerbitzuak hobetzen jarraitu behar dugu, daukagun primerako osasun-sistemarekiko herritarren konfiantza berreskuratuz; ingurumen eta energia arloko trantsizioa bideratu behar dugu, trantsizio digitalari heldu eta gure sektore ekonomikoetan eta gizartearen sektore desberdinetan ekarriko dituen eraldaketei aurre egin; eta herri nortasunean urratsak ematen jarraitu behar dugu: estatusa, autogobernua, hizkuntza eta kultura, memoria...
Mendira joatea atsegin dut, bizimodu osasuntsua izateko eta, jakina, ingurumenaz gozatzeko aukera ezin hobea ematen digulako bizi garen leku ederrak: Busturialdea edota Urdaibaiko edozein txoko aproposak dira horretarako, Gaztelugatxetik hasi eta Oiz gailurreraino, Hara eramaten nau paisajearen edertasunak, baina baita ere gure arbasoekin zein sustraiekin lotura estua duten aztarnak aurkitzeak.
Herri nortasunean urratsak ematen jarraitu behar dugu: estatusa, autogobernua, hizkuntza eta kultura, memoria...