Álvaro López Berdonces dut izena eta 38 urte ditut. Donostiarra naiz jaiotzez, baina Gasteizen bizi naiz duela 7 urtetik. Beso zabalik hartu nau, eta emazteak eta seme-alabek (5, 4 eta urtebetekoa) osatutako familia bat dut bertan.
Bilboko Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatua naiz, eta, beraz, esan daiteke nire bizitzaren ia herena lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetan eman dudala. Gaur egun, abokatutzan aritzen naiz, 2015ean sortu nuen bulego batean. Bulego hori pixkanaka haziz joan da, nire eta lankideen ahaleginari esker.
Ez dut inoiz kargu publikorik edo instituzionalik izan, nire ibilbide profesional osoa arlo pribatuan egin baitut; hala ere, bizitzaren garai honetara iritsita sentitu nuen aurrerapauso bat eman behar nuela, Euskadirekin dudan konpromisoa berresteko. Nire kasuan, une hori orain iritsi da, eta zer hoberik etorkizuneko Lehendakariaren Imanol Pradales taldea baino, Euskadik niretzat zer esan nahi duen adierazteko.
Errioxako familia batetik nator. Familia hori duela bi belaunaldi lekualdatu zen hona, eta, harrezkero, gurasoek eta osaba-izebek sustraiak bota dituzte Euskadin, herri honek duten guztia eman baitie, herri honekiko ahalegina, lana eta maitasuna, hain zuzen ere.
Herri txiki bezain handia gara. Gauzak oso ondo egiten jakin dugu aspalditik, eta gauzak egiteko modu horrek beti izan du EAJren zigilua. Autogobernuaren defentsari eta horrek dakarrenari esker (ez sakrifiziorik gabe eta ahalegin handiak eginez), gizarte gisa garatu eta gaur egun gauden tokira iritsi gara, baina ezin gara konplazentzian erori, lanean jarraitu behar dugu.
Gizartea izugarri azkar ari da bilakatzen eta eboluzionatzen, eta guk harekin batera eboluzionatu behar dugu, baita alderdi gisa ere. Bilakaera horren erakusgarri eta adibidea da Imanol Pradales, POLITIKA egiteko eredu berria ordezkatzen baitu (letra larriak nahita idatzi ditut). Eredu berri hori EAJ-PNVren pertsona, ekintza eta konpromiso handiek jorratutako bidetik elikatzen da. Ortuzarrek Landakon esan zuen bezala: “iturri zaharretik, ur berria”.
Nire aisialdian edozein ekintzaz gozatzen dut, familia lagun. Nire hiru seme-alabei begiratzen diet, eta nahi dut Euskadik, gutxienez, niri eman dizkidan aukerak eman diezazkiela, baita hobeak ere. Eurek nazio plurala, oparoa, berdintasunezkoa, irekia eta iraunkorra izatea nahi dut, eta euren herria maitatzeko eta handik jasotzen dutena edo gehiago emateko gai izatea.
Beti izan naiz jakin-mina eta kezkak dituen pertsona, eta gogor heldu nahi diot EAJren zerrendetan Eusko Legebiltzarrera ilusioz eta lanerako gogo handiz joateko ardurari.
Bilakatzen ari den Euskadi.