Alaitz Zabala Zarate naiz. Derion jaio nintzen baina sondikoztarra naiz adopzioz; 15 urte daramatzat Sondikan, bertan sortu dut nire familia. Bost urte daramatzat Eusko Legebiltzarrean legebiltzarkide bezala eta, bost urte baita Sondikako zinegotzi bezala. Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziatu nintzen eta Euzkadi Buru Batzarraren Ogasun sailean aritu nintzen Legebiltzarrera joan baino lehen.
Oso gaztetatik jabetu nintzen euskalduna eta abertzalea naizela. Gurasoek erakutsi zidaten eta hala erakutsi nahi diet nire semeei. Gainera aitite biak gudariak eta erbesteratuak izan ziren; amama bat gazte-gaztetatik alargun geratu zen eta bizitzari aurre egin behar izan zion hiru ume txikirekin eta esnea saltzen. Beraiei esker izan dut argi gure aberria Euzkadi dela eta hala aitortua izatea merezi duela.
Herri hau maite dut, bere hizkuntza eta bere kultura nireak direlako. Politika edozein herriren iragana, oraina eta etorkizunaren oinarria da, eta herri libre bat lortzeko bidea egin nahi badugu, politika da giltza. Zentzu horretan, herri honen alde lan egitea gizartearen bizi kalitatea hobetzeko pozgarria da niretzat eta herri oparoagoa eta kohesionatuagoa lortzeko erakunde publikoetatik politika onak bultzatzeko lan egingo dut. Erronka garrantzitsuak ditugu aurretik: hazkunde ekonomiko jasangarriarekin jarraitzea, gizarte gero eta inklusiboagoa sortzea edo aldaketa klimatikoa etetea. Gogotsu nago gure aberriaren alde lan egiten jarraitzeko eta legebiltzarkidea izatearen erronka polit honi jarraipena emateko.
Familiarekin edo lagun artean egotea gustatzen zait. Baita ere dantzan egitea; poztasuna eta alaitasuna ematen dit, aske sentitzen naiz. Eta denbora pasatzeko leku bat aukeratu beharko banu, Txorierri esango nuke. Nire senideak bertakoak dira eta han garatu dut nire bizitza.
Gure gizartearen bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko lan egingo dut, herri oparoagoa eta kohesionatuagoa lortzeko erakunde publikoetatik politika onak bultzatuz.