Aitor Urrutia naiz, 50 urte ditut, bi seme-alabaren aita, eta Eskoriatzakoa naiz.
Nik politikan betidanik egon izatearen inpresioa daukat, etxean ezagutu bainuen, eta nire haurtzaroko trantsizioko garai haietan guraso eta aiton-amonen herriarekiko konpromisoa ikusita ikasi nuen, eta piztu zitzaidan, politikarekiko interesa.
Etxeko sukaldean sartu zidaten abertzaletasunaren harra: Nazioa osatzen duen herri bateko seme-alabak garela, eta nazioa den aldetik eskubideen subjektu politiko dela, alegia, bere buruaren jabe izateko eskubide guztiarekin, eta, aldi berean, gure herri hau altxatu beharra zegoela herri izaeraren ezaugarriak, hizkuntza nagusiki, zapalduta zeuzkalako, eta, halaber, gainontzeko arlo guztiak landu behar zirela, ekonomikoa, soziala, kulturala etab. gure herria munduan antza eduki nahi genuen beste herrialde horien artean kokatzeko.
Sarritan politika etxean ezagutu duzunean gizonen gaia izan ohi da, ba gurean ez. Gurean emakumezkoak ziren aktiboak, nire etxeko erreferenteak ama eta amona dira. Haiek izan ditut eredu, eta jardun behar dudan bakoitzean, beti izaten ditut gogoan. Eta lelo bezala nirekin daramat militantziara animatzen gintuen amonaren esaldi hura “guk gurea defendatzen ez badugu nork defendatuko du, bada, gugatik?”
Eta horrek eraman nau, hain zuzen ere, zerbitzu publikora, ni naizena, nik ahal dudana jartzera, nire ekarpena egin aldera gure seme-alabei herri hobe bat uzteko, gure herriak berezkoak dituen ezaugarri horietan bizitzen jarraitzeko, azken finean, guk gurea defendatzeko, gure herria, gure herritarrak zerbitzatuz. Hori baita zerbitzu publikoa: gure herria, gure herritarrak zerbitzatzea. Eta, bide batez, hori baita herria defendatzeko modurik onena: zerbitzu publikoa.
Hori dela eta, Eskoriatzako hainbat talde eta elkartetan murgildutakoa naiz, eta hortik egin nuen jauzia politikara EAJ-PNVren eskutik, eta, lehendabizi, Eskoriatzako zinegotzia izan nintzen 2007-2013, baita Antzuolakoa ere, 2019-2023 eta azkenaldi honetan, 2015etik, eusko legebiltzarkide bezala ere dihardut, EAJ barruan Eskoriatzako Uri Buru Batzarreko Presidentea naizen bitartean. Gure alderdiko Aberri Batzarkidea ere izandakoa naiz.
Nire aldetik ekarpenak egin ditzakedala uste dudan arloak gai nazionalarekin (euskara, erabakitzeko eskubidea, autogobernuaren estauts berria, etab,) gure herriaren nazioarteko proiekzioarekin,(sei hizkuntzatan defendatu naiteke), eta arlo sozialarekin lotuta daude (nire lan jarduna zahar egoitzetako administrazioan egon da, eta Legebiltzarrean gure taldeko Gizarte Gaien Bozeramalea naiz.)
Hautagaitzara ilusioarekin noa, are gehiago ikusita ze nolako erronkak ditugun aurrez aurre: autogobernuaren estatus berri bat, euskararen hedatzea euskaraz bizi ahal izan gaitezen, gure ekonomiaren sendotasuna areagotu, Gizarte zerbitzuak premia berriei moldatu, zaintzak, genero berdintasuna burutu, trantsizio energetikoa gauzatu aldaketa klimatikoaren aurkako politiketan edo erronka demografikoa, besteak beste. Erronkak asko dira, eta itzelak. Badago non konprometitu.
Nire zaletasunak bidaiatzea eta irakurtzea dira, lagun artean ibiltzea, seme-alabak, musika, eta kiroletan, futbola, pilota, txirrindularitza eta errugbia. Horiek dira bizipoza sorrarazten didatenak, eta beraz, irribarrea, barrea eta algara. Eta beti dago toki bat itzultzea nahi izaten dudana: Apotzaga. Gure aita jaio zen Eskoriatzako baserri auzoa da, sustraiekin eta haurtzaroko gomuta onekin lotzen nauen lekua. Eta urtean zehar hainbat aldiz bertaratzeko gogoa, eta premia, izaten ditut.
Denok elkarrekin aurrerako jauzi berri bat egin dezagun.