EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA GIPUZKOATIK

Aitor Uriondo

51 urteko Donostiar Euskalduna.

Gasteizko EHUn ikasitako irakasle diplomaduna eta Gorputz Hezkuntzan espezializatua. Gaur egun, nire ardura nagusia ikastola bateko zuzendari eta irakaslea izatea da.

Aitor Uriondo

Aurretik, Enpresen Kudeaketa eta Administrazioko goi-mailako ziklo bat ere egin nuen.

Euskaliteko Ebaluatzaileen Klubeko kide naiz, Euskal Autonomia Erkidegoan kudeaketa aurreratuaren eredua bultzatuz.  Nire ibilbide profesionala hezkuntza, kudeaketa, berrikuntza eta kirol munduan eginda, komunikazio arloa ere garatzeko aukera izan dut hedabide ezberdinetan lan eginez. 

Alaba, bikotea eta familiarekin batera, umeetako betiko kuadrilla edota kirolak eskaini dizkidan lagunek betetzen dute nire bizi-espazio pertsonala.

Aurrera pausuak ematen joan naizen moduan, pertsona erdigunean kokatzen duten proiektuetan parte hartu eta erantzukizunak hartzera bideratua ikusi dut nire burua.  

Ikuspegi humanista horrek, balore sendoetan oinarritutako proiektuetan sinistu, inplikatu eta erantzukizuna hartzera eraman nau.  Politikagintza, tresna eraginkor eta boteretsuena dela sinistuta, gizarteari zerbitzu espiritua eskaini eta gure aurrekoek egindako bideari jarraipena ematea dut helburu.

Etxean, abertzale egin ninduten baloreetatik abiatuta gaur egun sortutako galdera berriei erantzun berriak topatzen laguntzen saiatzen naiz. Hauteskunde hauetan, EAJ-PNV-ko hautagaitzari ilusioz, lan eginez eta nire ibilbidean lortutako esperientzia eskainiz aurkeztu nahi dut nire burua.  Gure herriak dituen eskubideak defendatuz, burujabetza helburu izanik eta batez ere pertsonen ongizatea zainduz.  Pertsonei hitza emanez, hauek ahaldundu eta egunetik egunera Euskadi berritzaileagoa, kohesionatuagoa eta nazioartean ere hobeto kokatuta ikustea nahiko nuke hurrengo belaunaldiek erreleboa hartu eta gure herriari balore erantsia eskaintzen jarrai dezaten.

EAJ-PNV-k herri honi hamarkada askotan eskaini dizkion balore, zintzotasun, kudeaketa-gaitasun eta etorkizuna irakurtzeko ahalmenari jarraipena eman eta euskal-gizarteak dituen eskakizun eta erronka berriei erantzungo diegu.