Bizitzari gizatasunez, elkartasunez seriotasunez eta harrotasunez aurre egiten irakatsi didan familia batean jaio eta hazi nintzen. 1999an jaio nintzen, Mallabian, eta ikasten eta nire lanbidean eman ditudan urte hauek guztiek eraman naute zerbitzu publikoaren garrantziaz konbentzitzera; horregatik, militantzia politikoaren alde egin nuen, aurrerabideari eta ongizateari aktiboki lagundu nahi nuelako.
2019an EAJ-PNVko alderdikide egin nintzen momentutik jakin izan dut konpromisoak eta dedikazioak gizartearentzako onurak ekar ditzaketela.
Lidergoan, ekintzailetzan eta berrikuntzan graduatu nintzen Mondragon Unibertsitatean, eta ondoren marketin eta komunikazio politikoko masterra egin nuen. Ibilbide profesionala ekonomia sozialaren eta lankidetzaren esparruan egin dut, azken 3 urteetan kooperatiba batean bazkide izan bainaiz. Arlo publikoan, Kirol eta Gazteria zinegotzia izan naiz Mallabiko Udalean (2019-2023), eta, gaur egun, Hirigintzako zinegotzia naiz. Zeregin horrekin batera, EAJ-PNVren Mallabiko UBBren Lehendakari eta EGIren Bizkaiko Lurralde Kontseiluko kide naiz.
Niretzat funtsezkoa da nire denbora eta trebetasunak gizartearen mesedetan eskaintzea, gure inguruak planteatzen dizkigun erronkei helduz, pertsonengan eta inguratzen gaituen ingurumenean eragin positiboa sortzera begira. Nire inguruko pertsonengan aurkitzen dut inspirazioa, nire lankide eta lagunengan, denek lagundu didate gaur egun naizen pertsona eraikitzen. Zentzu horretan, nire hautagaitzari erantzukizunez heldu nahi diot, Alderdiaren eta beren konfiantza nigan jarri duten guztien ordezkari izateak duen garrantziaz jabetuta, bertan erabakitzen baita euskal herritarrei zuzenean eragiten dien guztia.
Nire trebetasunak berrikuntzarekin eta giza harremanekin lotuta daudela esango nuke, eta horrek aukera ematen dit ideia berritzaileak eta ikuspegi sortzaileak eskaintzeko. Era berean, gizarte-ekonomian eta kooperatibismoan dudan esperientzia ere baliagarria izan liteke hazkunde ekonomiko iraunkorra sustatzen duten politikak bultzatzeko, pertsonen ongizatearekin eta ingurumenarekin lotuta. Nire ustez, Euskadik hurrengo legegintzaldian izango duen erronka nagusietako bat izango da talentu gaztea erakartzea eta garatzea,bai eta gizarte solidarioagoa eraikitzea ere, zeinak konpromiso handiagoa izango baitu garapen ekonomiko,sozial eta komunitarioarekin.
Denbora pasarik atseginena, niretzat, lagunekin egotea da, gorputza eta burua berrindartzen laguntzen didaten esperientziak beraiekin partekatuz, bai eta bidaiak eta askotariko planak ere. Oizko gailurretik arratsaldeaz gozatzea oso gustuko dugu hizketan, barrez, bizi izandakoak gogoratuz... Eta bidaia horietatik itzultzen naizenean, nire lehen geldialdia amamarenean, berarekin bazkaltzeko. Horixe da niretzat etxean naizela sentiarazten didana. Bromazalea ere banaiz eta oso gozagarria da niretzat etxekoekin txantxa eta broma artean gure denbora barre-algaraka ematea.
Gure erronka nagusia da gizarte solidarioagoa lantzea, komunitatearen, ekonomiaren eta gizartearen garapenarekin konprometitua.